Zuzenean Ataria

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Eduki orokorrak
 
  • Telegram +34 688671234
  • Hobetzen Lagundu sarbidea
  • Komunikazio irekiko gida

Gobernuak egunean 3.500 kontsulta baino gehiago erantzun zituen herritarrei arreta emateko «ZUZENEAN» doako zerbitzuan (Gobernu Bilera 2016-02-16)

2016.eko otsailak 16

  • 2015ean Gobernuak 875.827 galderari erantzun zien. Kontsulta gehienak Bizkaian, emakumeek, gaztelaniaz eta aurrez aurre egindakoak ziren. 
  • Herritarrek bilatzen duten informazioa etxebizitzarekin, hezkuntzarekin, enpleguarekin edo laguntza sozialekin dago lotuta gehienetan.
  • Doako zerbitzu horren erabiltzaileek 8,5eko nota jartzen diote (10en gainean), bereziki ZUZENEAN zerbitzuko langileengandik jasotzen duten arretarengatik.
  • Oso positiboki baloratu dute ere jasotako informazioaren kalitatea, fidagarritasuna eta erabilgarritasuna.

Gobernu Kontseiluak ZUZENEAN zerbitzuaren 2015eko balantzea aztertu du gaur. Doako zerbitzu publiko horren bitartez euskal herritarrei arreta ematen zaie lau kanalen bidez: aurrez aurre (hiru bulego hiru hiriburuetan), telefonoz (012) interneteko postontziaren bidez (helbide honetan:www.euskadi.eus) edo mezularitza azkarraren bidez (Telegram bidez, 688 67 12 34 telefono-zenbakian). Iaz, ZUZENEAN zerbitzuak 875.827 kontsulta jaso zituen, egunean 3.532 batez beste. 2014 urtearekin alderatuz zerbitzuaren kontsultak %5,5 igo dira, urte horretan 829.818 kontsultak jaso ziren eta.  

Datu horiek aztertuta, honako hau ondoriozta dezakegu: 

  • Kontsulta gehien jasotzen duten gaiek honako hauekin dute lotura: etxebizitza, hezkuntza, lana eta enplegua eta gizarte-gaiak.
  • Gizon baino emakume gehiagok erabiltzen dute zerbitzua (% 39 eta % 60, hurrenez hurren).
  • Adinari dagokionez, Zuzenean gehien erabiltzen duen adin-taldea 30 eta 45 urte artekoa da.  Erabiltzaileen batez besteko adina 41 urte ingurukoa da.
  • Kontsulta gehienak Bizkaian egiten dira.
  • Kontsulten % 72,8 gaztelaniaz egin dira.

GORA EGIN DU ERABILTZAILEEN GOGOBETETZE MAILAK

Gainera, kanpo auditoretza batek txosten bat egin du ZUZENEAN zerbitzua aurrez aurre edo telefonoz erabili duten pertsonen artean, haien gogobetetze maila neurtzeko. Zerbitzuak 8,5eko nota lortu du 10en gainean batez beste, 2015eko erabiltzaileen balorazioaren arabera. Horrek esan nahi du zerbitzuaren nota 0,4 puntu igo dela 2014an jaso zen puntuazioarekiko. Zehazki, ZUZENEAN zerbitzuaren erabiltzaileek 8,8ko nota eman diote telefonozko arretari eta 8,3koa aurrez aurreko arretari.

Erabiltzaileen % 92 nahikoa gustura edo oso gustura daude jasotako zerbitzuarekin, hau da, 7 eta 10 puntu arteko nota ematen diote. Gainera, erabiltzaileen % 55ek nota altuena ematen diote: 9 eta 10 puntu artean. 

Iaz ZUZENEAN erabili zutenek oso balorazio positiboa ematen diote zerbitzuak beste inora jo gabe kontsulta argitzeko duen gaitasunari, erabilitako denborari eta azken emaitzari. 

Erabiltzaileek hoberen baloratutako gaien artean daude: herritarrei arreta emateko ordutegi zabala, telefonoz arreta emateko bizkortasuna eta telefonozko kontsultan erabilitako denbora. Kasu guztietan, erabiltzaileen pertzepzioa hobea da 2015ean aurreko urtean baino.

ZUZENEAN zerbitzuko pertsonalaren lanak ere oso balorazio ona jaso du, batik bat: erabiltzailearen hizkuntzara (euskarara edo gaztelaniara) moldatzeko ahalmena (9,2), adeitasuna (8,9), ulerterraztasuna (8,8) eta prestakuntza (8,7). Erabiltzaileek ZUZENEAN zerbitzuan lan egiten duten pertsonen lanari buruz pertzepzioari dagokionez, arlo guztietan hobetzen dela ikusten da. 

Iazko balantzearen arabera, erabiltzaileek ZUZENEAN zerbitzuaren bidez jasotako informazioaren erabilgarritasuna eta kalitatea nabarmentzen dituzte. Gainera, 2014rekin alderatuta, iaz erabiltzaileek nota altuagoak eman zizkioten jasotako informazioari, batik bat gora egin zuen aukera komenigarrienen inguruko laguntzaren pertzepzioa. 

BAT-BATEKO MEZULARITZA ETA SAREKO POSTONTZIA

Zuzenean 2008an sortu zenean, herritarrei bi aukera eman zitzaizkien haiekin harremanetan jartzeko: telefonoz (012) eta aurrez aurre, hiru euskal hiriburuetan kokatutako bulegotan. Gaur egun, kanal anitzeko arreta zerbitzu integrala da eta, sendotzeaz gain, modernizatu egin da eta herritarren arretarako forma berriei egokitu zaie. Legealdi honetan, Eusko Jaurlaritzak herritarren arretarako beste bi kanal gehitu ditu:

  • Online: 2014ko abenduan Eusko Jaurlaritzak sareko postontzi bat jarri zuen bere webgune ofizialean (www.euskadi.eus) herritarren kontsultei erantzuteko.
  • Bat-bateko mezularitza: 2015eko ekainean, ZUZENEAN Telegram erabiltzen hasi zen herritarrekin harremanetan jartzeko, 688 67 12 34 telefono-zenbakiaren bitartez.
 
Euskadi, auzolana