Zuzenean Ataria

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Eduki orokorrak
 
  • Telegram +34 688671234
  • Hobetzen Lagundu sarbidea
  • Komunikazio irekiko gida

Eusko Jaurlaritzak berehalako mezularitza zerbitzua herritarrekiko harremana azkartzeko eta errazteko martxan jarri du gaur

Eusko Jaurlaritzak berehalako mezularitza zerbitzua herritarrekiko harremana azkartzeko eta errazteko martxan jarri du gaur

2015.eko ekainak 22

  • Telegram aplikazioa erabiltzen du, ematen dituen segurtasuna eta konfidentzialtasuna direla eta. Eusko Jaurlaritzako ZUZENEAN zerbitzuko langileak arduratuko dira herritarrei erantzuteaz, goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpi eta erdiak bitartean, astelehenetik ostiralera.
  • Doako zerbitzu publiko berri hau erabiltzeko nahikoa izango da aplikazioa telefono mugikorrean instalatzea eta Eusko Jaurlaritzaren zenbakia eranstea:  688 67 12 34.
  • Hala, herritarreko Euskal herri-administrazioari zerbitzu publikoei eta izapideei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskatzeko laugarren kanala izango da berehalako mezularitza.

Eusko Jaurlaritzak gaur, astelehena 22, herritarrekin harremanetan egoteko beste kanal bat jarri du: Telegram aplikazio mugikorraren bidezko berehalako mezularitza. Horretarako 688 67 12 34 telefono zenbakia erabiliko du. Gaurtik aurrera, EAEko Herri Administrazioak ematen dituen zerbitzuei buruzko informazioa, aholkularitza eta orientazioa eskatu nahi duten pertsonek telefono mugikorren sistema eragile nagusietan (Android, Iphone eta Windows Phone) erabil daitekeen aplikazio baten bidez egin ahal izango dute, hura deskargatu eta Jaurlaritzak prestatutako telefono zenbakia kontaktuen zerrendan erantsi ondoren.

Eusko Jaurlaritzak Telegram plataforma aukeratu du herritarrak artatzeko, hiru arrazoi nagusigatik: alde batetik, zerbitzu honek antzeko beste batzuk baino segurtasun eta kofidentzialtasun handiagoa ematen du; bestetik, Telegramek API (Application Programming Interface) irekia du eta guztien eskura protokolo askea ere bai, hau da bere kode-iturria partekatzen du hobetzeko, eta azkenik, aplikazioa doakoa da.  

Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN Herritarren Arretarako Zerbitzuko langileek kudeatuko dute Lakuan, orain arteko ohiko komunikazio-kanalekin batera: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta Internet bidezkoa.

Eusko Jaurlaritzak informazio-gizartearen ohitura berrietara eta une bakoitzeko beharretara etengabe egokitzeko hartutako konpromisoan oinarrituta sortu da EAEko Herri Administrazioaren eta herritarren arteko komunikazio-sistema berria. Halaber, Eusko Jaurlaritzak herritarrak aktiboki entzun nahi ditu, eta herri-administraziorako sarbidea erraztu nahi du. Komunikazio-bide berriaren abantailen artean daude, besteak beste, sistemaren berehalakotasuna, erabilerraztasuna eta doakotasuna. 

PROIEKTU PILOTUA

Kanala herritar guztiei zabaldu aurretik, Eusko Jaurlaritzak esperientzia pilotua abiarazi zuen 2014ko urriaren eta abenduaren artean, herritarren talde bati erantzuteko. Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, EGAko azterketei buruzko informazioa eskatzen zuten herritarrak hautatu ziren lagin moduan. Hala, emaitzak kontsultatzeko, 1.257 lagun bulegoetara joan ziren, 442k berehalako mezularitza erabili zuten, WhatsApp aplikazioaren bidez, eta 172k soilik telefonoz deitu zuten. 

Eusko Jaurlaritzaren ustez, esperientzia pilotuaren emaitzak oso positiboak izan dira eta, horregatik, herritar guztiei eta EAEko Herri Administrazioak ematen duen informazio osora zabaldu nahi izan du, kasu honetan Telegram aplikazioaren bidez, aipatutako arrazoiak direla eta.

ZUZENEAN

2008. urtean sortu zuten ZUZENEAN herritarrak artatzeko zerbitzu publiko eta doako gisa. Goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpi eta erdietara dago erabilgarri, www.euskadi.eus webgunearen, hiru hiriburuetako bulegoen eta 012 telefono zenbakiaren bidez.

Herritarrak pozik daude zerbitzuarekin: inkesten arabera, zerbitzua erabiltzen duten 10 lagunetatik 8k behar bezala argitzen dute egindako eskaera.

ZUZENEAN zerbitzuak Eusko Jaurlaritzak ematen dituen izapideei eta zerbitzuei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematen du. Hauek dira eskatuenak, ordena honetan:

ZUZENEAN ZERBITZUAN EMANDAKO ARRETA, 2015EKO URTARRILAREN 1ETIK EKAINAREN 15ERA BITARTEAN

(Gehien eskatutako zerbitzuak, lehenengo hamarrak)

IZAPIDEAK

GUZTIRA

%

Kontziliazio-laguntzak

45.868

%11,8

Haurrak jaiotzeagatiko edo adoptatzeagatiko laguntzak

42.572

%11,0

Hezkuntza langileak

30.607

%7,9

Beka ez-unibertsitarioak, eskolatze-bekak

30.131

%7,8

Etxebiden izena ematea

29.612

%7,6

Zigorrak

24.944

%6,4

Etxebideko espedienteen kontsultak

20.357

%5,3

Etxebideko espedientearen zuzenketa eta berritzea

20.090

%5,2

Etxebizitza-komunitateak eraberritzeko laguntzak

12.727

%3,3

Beka unibertitarioak

9.523

%2,5

2014-2016 BERRIKUNTZA PUBLIKOAREN PLANA

Administrazioak herritarrekiko harremana ZUZENEAN zerbitzuaren bidez hobetzea da 2014-2016 Berrikuntza Publikoaren Planaren , Eusko Jaurlaritzak 2014ko ekainaren 17an onartutakoaren, konpromiso estrategikoetako bat.

Berehalako mezularitzako zerbitzu berri honekin, Eusko Jaurlaritzak XXI. mendeko herri-administrazioaren printzipioak lortzen jarraitzen du: gardentasuna, lankidetza eta partaidetza. Gainera, beste helburu hauek ere lortzen ari da:  

  • Erabiltzaileei berehala erantzutea, zuzenean, bitartekaririk gabe.
  • Herritarren eskaerei eta nahiei buruzko informazioa ematea, denbora errealean.
  • Herritarrak entzutea eta haien iritziak biltzea.
  • Politika eta zerbitzu publikoetan herritarren partaidetza aktiboa bultzatzea.
  • Administrazioa aldaketa kulturala bultzatzea, herritarrengandik hurbilago egon dadin.  
 
Euskadi, auzolana